Gau argituak

Egunsenti bakoitzak egun berria dakar berekin, eta orrialde txuri horrek ifrentzu beltza du, gaua. Egun bakoitzak badu bere gaua, eta gauez baino ezin dugu begietsi zeru izartsua. Alabaina, gaua arriskuan dago.

Argiteria elektrikoa eta pantailak gauari gailentzen ari zaizkio. Zentro komertzialen argi zuriak eta mugikorren argi urdinak gure arreta erakartzen dute, eta kontsumitzeko grina iraunarazten dute saltoki handiek pertsianak jaitsi eta hainbat ordutara. Argi-kutsadurak zenbait espezieren azturak asaldatzen ditu, eta gizon eta emakumeen insomnioa handitzen laguntzen du.

Orduan, zer geratzen zaigu sarritan orduz kanpo darabilgun gauari dagokionez? Gaua abiapuntu hartuta, ibil gaitezen haren itzal, distira eta isletan barna. Loaldiari ordu batzuk kendu eta ezagut dezagun eguneko jardunaz bestela existitzen den munduaren beste alderdi hori, zeinetan ez baitugu hainbeste kontu eman behar. Arretaz begira diezaiegun gauez bizi direnei, hor aurkitu eta batzuetan maitemintzen diren animalia gautar horiei. Beha ditzagun gaueko paisaiak, egunez bestelakoak diren horiek. Begira ditzagun geure buruak gauaren ispiluan, horrela beste ikuspegi batetik ezagut gaitezen.

Horixe da MAPAMUNDITARRAK 2025 proiektuak egiten digun gonbidapena, forma eta narrazio berrien bila gauean murgiltzen diren erakusketak, proiekzioak eta topaketak biltzen dituen ziklo baten bidez. Hortik agertzen dira gure egunak argizta ditzaketen ahotsak.

Alexandra Baurès, komisarioa