MAPAMUNDITARRAK 2020 baitako Eraldakuntza zinema-zikloak nerabezaroan pausatu du begirada, hau da, haurtzaroaren bukaeraren eta helduaroaren hasieraren arteko biziaroan. Urte horietan, gorputzez eta buruz aldatzen gara, gure nortasuna eraikitzen dugu, sozializatzen gara.
ITURRAMAKO CIVIVOXA, Iruña: URR 08, osteguna, 19:30. Doan. Aurrez izena emanda.
ADOLESCENTES. Sébastien Lifshitz, 2019. Dokumentala, Frantzia, 2h 15’.
Sébastien Lifshitz frantses dokumentalgileak Emma eta Anaís adiskideei egin die jarraipena, 13 urtetik 18ra bitarte. Bi nerabeen erretratua dakar bai eskola-ingurunean, bai familian, eta haiekin batera ibili dira institutuan, etxean edota skateboard pistan. Horrela, kamera solasaldietan sartu da, haien gatazken lekuko da eta gazteek beren etorkizunaz dituzten desioak eta beldurrak jaso ditu. Filmak, halaber, erradiografia bat egin du nerabeen inguruko ezberdintasun soziokulturalez eta testuinguru politikoaz. Dokumentalak nerabeen bizitzako bost urte jaso ditu eta filmean zehar ikusten da nola neskatoak beren bidea zehazten joaten diren, nola hartzen dituzten beren lehen erabakiak eta, finean, nola ematen duten heldutasuneranzko aurrerapausoa.
ITURRAMAKO CIVIVOXA, Iruña: URR 15, osteguna, 19:30. Doan. Aurrez izena emanda.
RAFIKI (Lagunak). Wanuri Kahiu, 2018. Kenya, 1h 23’
Wanuri Kahiuren film koloretsuak Nairobiko auzo bateko bi neskaren istorioa kontatzen digu. Kenak auzoko mutilekin ematen ditu arratsaldeak futbolean. Behin batean, Ziki ezagutuko du, Street Dance zalea. Tradizio-giro itogarrian, haien arteko harremanak beste errealitate baterako atea irekiko die. Elkar maiteminduko dira, baina Kenyan, Afrikako herrialde gehienetan bezala, harreman homosexualak legez kontrakoak dira. Horrela, komunitateak haien maite-harremana deskubritzen duenean, patriarkatuaren arauetan sarraraziko ditu. Filma Kenyan debekatu zen, homosexualitatea goraipatzeagatik. Zuzendariak, ordea, erabakiaren kontrako errekurtsoa egin eta, azkenean, herrialdean astebetez emateko baimena eman zitzaion. Horrela, Cannesko Zinemaldian aurkezteko aukera izan zuen.
ITURRAMAKO CIVIVOXA, Iruña: URR 22, osteguna, 19:00. Doan. Aurrez izena emanda.
TOUT CE QU’IL ME RESTE DE LA RÉVOLUTION (Iraultzatik gelditzen zaidan guztia). Judith Davis, 2018. Frantzia, 1h 28’
Alda al daiteke mundua? Zerk sumintzen zaitu? Zer axola zaizu? Komedia honetako protagonistak, Agnèsek (zuzendariak interpretatua), horrelako galderak egiten dizkie bere adiskiderik onenarekin batera sortu duen herritar batzordeko kideei. Agnèsen gazte belaunaldiak lan prekarietatea ezagutu du, bai eta neoliberalismoaren txikizioak ere, baina gurasoak 68ko Maiatzeko militanteak ziren eta gizartea eraldatu daitekeelako sinesmena transmititu diote. Bere konpromiso politikoa praktikan jartzeko lekuaren bila ari den bitartean, ekintzaile giroko familiak eragin dizkion gabezia afektiboei aurre egiten saiatzen da. Azkenean, herritar batzordeko kideekiko eztabaidetan hasiko da sinesten aldaketaren aukeran.