Ikus dezakedanaz haratago

1960an, Laurence Weiner artista kontzeptualak As far as the eye can see (Begiak ikus dezakeen bezain urrun) esaldia margotu zuen erakusketa-areto baten horma batean, hitz horiekin zehaztuz ikus daitekeenaren lurraldea. 60ko hamarkadatik gaur egun arte, ikusgai dagoena gailendu da errealitatearekin dugun harremanean, eta agertu zaigu irudiak bizitzaren alor guztietan duen nonahikotasunean. Irudiak bitarteko dira, eta gu eta munduaren tartean jartzen dira lanean, aisialdian, harreman intimoetan, politikan, etab. Gu geu irudia gara eta ikusgaia gara. Gizartean ondorio handiak dituenez, begiratzearen ekintza arte garaikidearen ikerketa-esparru bat da. MAPAMUNDITARRAK 2022k bat egiten du hausnarketa-ildo horrekin, eta proposatzen du giza begiak atzeman edo deszifratu ezin duen hori aztertzea.

Zer dago nire bizkarrean? Edo lurraren azpian? Begiak ixten baditut, zer ikusten dut? Eta, ireki eta oraindik ere ez badut ezer ikusten? Ikusmenaren mekanismoetan hainbat eragilek esku hartzen dute, ez soilik fisiologikoek, hezkuntzak edo ideologiak, esaterako, eta iragazki gisa edo are ikustea galarazten diguten aurpegi-estalki gisa aritzen dira. Halako moduan ezen itxurak gainditzeko eta nolabaiteko buru-argitasuna lortzeko sakonki begiratu eta kritika-ariketa bat egin behar baita.

MAPAMUNDITARRAK 2022an parte hartzen duten artistak ikus daitekeenaren mugetan daude, eta haien lanetan begiradei debekatuta dauden eremuak arakatzen dituzte, hala nola itzala edo ikus-eremutik kanpo dagoena. Arrastoei ere erreparatzen diete, hondarrei, hau da, zerbait hutsaltzean geratzen den horri. Era berean, begirada desaktibatu nahi dute, edo, hobeto esanda, gorputz osora eraman, eskuekin, oinekin edo hezurrekin begiratuz, eta bidea irekiz beste seinale batzuei, hala nola dardarari.

Edizio honetan aurkezten diren obra batzuetan asmo komuna dago norbere zilborrari begiratzeari uzteko, erdigunetik mugitu eta gizatiarra dena eta ez-gizatiarra parez pare jartzeko. Eta kasu guztietan, lanek ikusleen hautemate-esperientzia biziagotu, zabaldu edo osatu nahi dute.

MAPAMUNDITARRAK 2022k bat egiten duenez 1972ko Iruñeko Topaketen 50. urteurrenarekin, zeinek artea abentura kolektibo, zeharkako eta eraldatzaile gisa abiarazi baitzuten, aurtengo edizioak hainbat aukera eskaintzen dizkigu artistekin elkarrizketan aritzeko, hartara artea elkartzeko, ikasteko eta ospatzeko toki pribilegiatu bihurtuz.

Alexandra Baurès, komisarioa