Ibili, modu asko

Zerbait arkaiko errepikatzen da haur batek lehen urratsak ematen dituen aldiko. Izan ere, orekari erronka egiten dion keinu horrek ehun milaka urte ditu, baina lehen aldia balitz bezala azaleratzen da gizaki ttiki horietako bakoitzarengan.

Norbanako bakoitzean ibiltzeko modu bat eta berezia bereizi baitezakegu ere, berezko duen tempo jakin bat, hala ere, keinu horrek elkartu egiten gaitu. Eta politiko bihurtzen da elkar hartuta ibiltzen garenean: urratsek jendetza egiten dute, eta ibilia laguntzen duen hitza hots bakarrean entzuten da. Ibiltzeak, gainera, lurrera lotzen gaitu. Oinek lurraren babesa bilatzen dute, hartara mugimenduan den gorputza hirian zehar, basoan barna edo mendian gora bultzatzeko.

Industria-iraultzak errotik aldarazi zituen ohiturak, errotik hiritar bihurtu zen gizarte batean. Atseden egunetan, fabriketako langileek izadira jotzen zuten berriro, hirietatik irteteko grinak bultzatuta. Mendizaletasuna jaio zen, mendi-kluben eztanda gertatu zen, eta bideak ireki ziren ibiltarientzat. Eta, aldi berean, hiri handietan nora gabean ibiltzeko modu berriak sortu ziren. Garaiko literaturan flâneur delakoaren figura jaio zen, alegia, kalerik kale hara-hona, noraezean, ibiltzen zen gizonezkoarena, zeina unean-unean sentitzen zuenari men eginez, han-hemenka geratzen baitzen, arreta deituko zion xehetasun ñimiñoena aztertzen. Alabaina, hiri-bizimoduari zeharo emanda bizi zen behatzaile hark muzin egiten zion gaur egun ere indarrean den kontsumo-gizarte berriari, hartara nolabaiteko desobedientzia-egintza burutuz.

Arteak ere jaso izan du ibiltariaren irudia. Alabaina, arte-lan batek goitik behera aldatu zuen Historia: 1967ko ekainean, Richard Long izeneko artista britainiar gaztea jaitsi egin zen Londresetik abiatu eta Ingalaterrako hego-ekialderantz zihoan trenetik, eta larre batean A line made by walking burutu zuen. Argazki bat gordetzen da soilik egintza hartaz, zeinean ikusten ahal den belar gainean artistak urratsez urrats osatu zuen lerro zuzena. Richard Longek arte bihurtu zuen ibilera.

Mende erdi bat geroago, MAPAMUNDITARRAK 2017k zazpi artisten lana bilduko du, ibiltzeari loturiko metaforez berriro galdezka, eredu neoliberalaren krisi sozialak eta haustura ekologikoak nabarmendutako testuinguru batean. Artista horiek ibiltzea hautatu dute mundua behatzeko metodo gisa eta sormen gisa, baina, horrez gain, keinua haren dimentsio guztietan errepresentatu nahi dute. Harago joanda ere, ikusleen ibilera bihurtuko dute arte-lanaren abiapuntu. Erakusketekin batera, MAPAMUNDITARRAK 2017k egile-zinema ziklo bat ere eskaintzen du, non ibiltzeak gaurko gizartearen alderik tragikoenak bereganatuko dituen. Azkenik, paseo batzuk ere izanen dira, formatu desberdinetan, zeinen bidez parte-hartzaileei gonbit eginen zaien esperimentatzera keinu eguneroko eta hutsal horrek –ibiltzeak– duen dimentsio sorkuntzazko eta subertsiboa.

Alexandra Baurès, Erakusketen komisarioa