Geldirik

Gelditasuna ez da existitzen mugimendurik gabe, isiltasuna existitzen ez den bezala hitzik gabe. Gauza bat bestearen ukapenetik jaiotzen da: ez mugitzea, ez hitz egitea. Ez egitea. Bada zerbait korporal eta mentala horretan. Grabitazio-indarra gorputzaren gainean eragiten da, eta gorputzak Lurrarekin bat egiten du eta geldirik geratzen da, sustraiak botatzen dituen zuhaitz bat bezala. Behar bat izan daiteke, edo desira bat. Keinu politiko bat ere izan daiteke, gorputzarekin ezetz esatea. Bartleby etortzen zait gogora, Herman Melvilleren pertsonaia; haren irudi harrotua bulego xarmagabe batean, “erortzear dagoen tenplu bateko azken zutabea nola”. Gogora etortzen zaizkit M15eko eserialdiak ere bai, gorputzak eremu publikoa okupatzen. Gelditasuna boterearen kontrako erresistentzia-ekintza bilakatzen da. Baina orain buruan ditut paperak berritzeko zain espaloietan orduak ematen dituzten pertsonak; oraingo honetan, boterea eragiten dute haien gainean. Gorputza kontrolerako bitarteko gisa agertzen da, baina baita ere matxinadarako elementu gisa.

Baina zer gertatzen da intimitatean? Pertsona bat zuhaitz baten azpian dago etzanda, hodeiei begira. Ez dago ezer bitxirik, atseden hartzen ari da. Baina pertsona hori bera jendez betetako kale bateko eserleku batean etzaten bada, haren jarrerak arreta ematen du. Hiriak mugimendurako daude prestatuta. Zirkulatu, lan egin, gastatu, erosi. Gauza guztiak ibilian dabiltza: pertsonak, merkantziak, dirua. Gelditzen direnak gizartean parte hartzen ez dutenak dira, arloteak, langabeak edo erretiratuak, hau da, galtzaileak edo zaharrak. Bien bitartean, irabazten dutenek, lasterka egiten dutenek, antsietate krisiak izaten dituzte. Stop. Ikerketa biologiko batzuen arabera, gizaki garaikideon burmuina Cro-Magnongo gizakienaren ia berdina da. Orduko gizaki horiek, behin oinarrizko beharrak asetuta ez zuen lan egiteko beharrik, aisialdi asko zuen. Garai haietan espeziearen bilakaera izan zen sormenaren eztanda bati esker. Neurozientzialariek ikertu dute: burmuinari oso ongi datorkio aktibitate falta, egoera horretan funtzionatzen du hobekien.

Artearen alorrean, ez egitearen ideia oso garatua dago, kritika sozial gisa, artearen merkatuaren kritika gisa edo sormenerako metodologia bezala. 1968an, Robert Filliou artista frantsesak Baliokidetasun printzipioa eratu zuen, eta hori objektu, ekintza zein ideiei aplikatu zien. Arau honen arabera, hiru egoerak –ongi egina, gaizki egina, egin gabe– gauza bakoitzaren alde baliokide eta eratzaileak dira. Robert Filliouk ezagutu zuen mundua ez da gaurko mundua, baina haren ideiak berreskuratu nahi ditugu, akatsaren balioaren gaineko ideiak, ez egitearen gainekoak, edo alfertasunarenak, alfertasuna hartuta pentsamenduen jarioa bultzatzen duen gogo-aldarte gisa.

MAPAMUNDITARRAK 2018k beren obretan kontzeptu horiek garatu dituzten bederatzi artista gonbidatu ditu, geraldia zenbait perspektiba ezberdinetatik lantzen dituztenak. Haien lana ikasturte hasiera honetan ikusten ahalko da, erakusketa zein lantegietan, Iruñeko zenbait kultur espaziotan. Gainera, programa osatzeko, egile-zinema ziklo bat izanen da gai horri berari buruzkoa. Berriz ere esperientzia estetiko baten denbora partekatu nahi dugu bazter honetan, arte izeneko behatoki honetan.

Alexandra Baurès, Erakusketen komisarioa