Ispilua

Andrei Tarkovski zinemagile errusiarrak Zerkalo (Ispilua) filmaz zera idatzi zuen: “zuzenean eta zabal-zabal hitz egitea erabaki nuen, niretzat garrantzitsuena, maiteena, barnekoena denari buruz”. Filma, 1975ean estreinatu zena, lehen pertsonan egindako kontakizuna da, non Tarkovskik, bere oroipen eta ametsen bidez, bere bizitza birbisitatzen baitu. Zatika eta denbora-hurrenkera gabe birbisitatu ere. Horrela, haurtzaroko etxea, ama, ez dagoen aitaren olerkiak, guda edo amaierara iristen ari den bizitza, deseraikita aurkezten diren bizi-pasarteak dira. Eta, egitura ireki horren bidez, ikusleak bere oroipen edo hausnarketak azaleratu ditzan ematen da bidea.

2019ko MAPAMUNDITARRAK proiektuak Zerkalo filma hautatzen du hitzordutzat, eta ispiluaren metafora maileguan hartu, nork bere baitan begiratzeko ariketa proposatzearren. Zerezko gara gizakiok? Denborazkoak? Ispiluak berehala iraungitzen den itxura itzultzen digu. Itxuraz, bada, askotarikoak gara, eta urteak igaro ahala, “geure buru” gehiago pilatzen ditugu gorputz bakarrean. Geure buruari –edo geure buru ugariei, hobeki– behatzeko urrundu egin behar dugu agian, geuregandik aldendu, gero itzultzeko. Horrela, artelanek ispilu-bilduma osatzen dute, eta bertan beste batzuek eragindako estetika-bizipenak geuregan islatu ahal dira.

Zerkalo filma sorkuntza garaikidera ekartzeko, haren ideia batzuk isolatu behar dira, eta, haritik tiraka, egun gai berberak lantzen dituzten egungo artisten laneraino iritsi. 2019ko MAPAMUNDITARRAK proiektuak banakako bost erakusketa aurkeztuko ditu, berriro zuzendari errusiarraren kezketako batzuk azaltzen dituztenak.

Tarkovskik familiaren laguna zen “Leva osabaren” argazkietara jo zuen, horrela, jaio zen etxea berreraikitzeko; eta horixe da filmaren ardatza. Toki horretan gertatzen zen amets errepikakor batetik ihes egiteko sortu zuela kontatzen zuen. Era berean, Concha Martínez Barretok familia-albuma erabili zuen oroimen-ariketa marrazkigintzara eramateko. Andrés Galeanok ere familia-albumarekin egin zuen lan, baina ez berearekin. Argazkilari ezezagun batzuen irudi-artxibo handia osatzen eman du denbora luzea. Artxibo horretatik ateratzen du lanaren lehengaia, oraingoan, ispiluak irudiak eraikitzeko duen eragina ardatz hartuta. Roger Omar, bestalde, ametsen ahalmen iradokitzaileaz jabetzen da. Horregatik, hogei urte eman ditu haurren ametsak biltzen. Atarrabiako Pilategian, han egindako ametsen egunerokoak eta irudikapenak aurkeztuko ditu.

Julie Chaffort-en film laburretan natura zeharo nagusi da, Ispiluan bezala. Natura hori, baina, ez da oroitutakoa eta idealizatutakoa, gizakiak zeharkatutako agertokia baizik. Javier Arbizuk, bestalde, gizakia mundukoa dela arakatzen du materiaren bidez, eta eskulturetan irudikatzen duen deseraikitako gorputzak harri eta burdinarekin bat egiten du.

Erakusketez gain, 2019ko MAPAMUNDITARRAK proiektuak, aldi berean, egile-zinemaren zikloa ere eskainiko du, gizakien inguruan ehuntzen diren lokarriei so. Etxola bat eta txakur bat hortxe, horrela hasi eta bukatuko da zikloa, gizakien arteko harremanez gain, tokiekiko zein beste izaki batzuekiko loturei ere behatuko baitzaie.

2018an, MAPAMUNDISTARREK gelditasuna izan zuten leloa. 2019an ere  etenari eutsi diogu, baina, oraingoan, garenari sakonki begiratzeko, gizabanakoak eta gizartea garen aldetik.

Alexandra Baurès, Erakusketen komisarioa