NUP/ Sario, 09/7 – 10/27 (astelehenetik ostiralera, 09:00 – 21:00): DAMARIS PAN, Bero Sapa

Damaris Panek Bero Sapa izeneko serie berri bat aurkeztuko du Sario eraikineko atalondoan. Izenburuak ongi ezagutzen dugun sentsazio termiko bat aipatzen du (bero handia eta hezea), gorputzean beroaldien edo izerdiaren bidez azaleratzen dena. Badakigu, halaber, deserosotasun hori ohikoa izanen dela udak gero eta beroagoak diren neurrian. Damaris Panek maisulan hau sortzeko erabili dituen koloreak laranja eta beltza izan dira, hots, eguzki-argiaren eta suaren kolorea eta ikatzarena eta errautsena. Sutan dagoen giro laranja-kolorea dute atzealdean, eta, aurrealdean, pertsonaia batzuk argi kontra ari dira mugitzen. Artistak pertsonaiak itzalak bezain beltz margotzen ditu, gozamenezko jarreretan. Beraz, bat-batean harrapatutako keinuen bilduma honetan, hedonismoaren –gaur egungo garaiaren ezaugarria– klixe batzuk ikus ditzakegu.

PILATEGIA, Atarrabia: 09/9 – 10/29 (larunbat, igande eta jai-egunetan, 11:00 – 14.00 eta 17:00 – 20:00): ANNA DOT, Itsuen parabola

Pieter Brueghel Zaharra-ren “Itsuen parabola” (1568) margolanaren eszena Pilategiko erakusketa-aretora lekualdatuko du Anna Dotek. Airean dauden makila batzuek eratzen dute instalazioa, margolanean itsuen taldeak daramatzan makilak gogora ekarriz. Bitxiki, itsuek ez dituzte behar bezala erabiltzen makilak. Haietako bakoitza aurrean duenari helduta dabil oinez, ziurra izango den erorketa baterantz, errenkadan lehenbizi dagoena zulo batera erori baita zerraldo. Artistak egingo digun proposamena da ukimenaren bidez orientatzea (edo galtzea), zeramikan zizelkatutako brailleko esaldi batzuk aretoan sakabanatuta. Baina, gainera, itsutasunari buruzko parabola honi egiten dio aipamena, natura-ingurunea andeatzeari aurre egiteko bi lanen bidez. Lehenbizikoa Ter ibaiaren nortasun juridikoa aitortzea eskatzean datza. Ibai hori artistaren herrian ibiltzen da, eta urez hornitzen du Bartzelonako metropoli-eremua. Bigarrengoan, ekintza sinboliko bat egiten du Ultzama ibaiaren ertzean, Pilategitik gertu. Hizkuntza zabaltzeko saiakera bat da, gure komunikazio- eta ulermen-aukerak handitzeko moduak probatzen, humanoa edo gizatiarra denetik harago.

ZIUDADELA/ Mistoen eraikina, 09/15/ – 10/29 (asteartetik ostiralera, 11:30 – 13:30 eta 18:00 – 20:30; igande eta jai-egunetan, 11:30 – 13:30): ALBERTO ODÉRIZ, Jaiotza baten arkeologia

2019an, bere alaba jaio zenean, Alberto Odérizek erabaki zuen hurrengo hilabeteetan zehar haurtxoaren eta munduaren arteko topaketa markatu zuten gertaera guztiak erregistratzea. Marrazkiaren teknika erabili zuen keinu hutsalak eta aldi berean apartak aztertzeko -haurra lurrean bere kabuz ibili zen lehen aldia, hodei bat seinalatu zuen lehen aldia, eskuan harri bat hartu zuen lehen aldia eta abar-. Orain ikatz-ziriz erreproduzitu du marrazki sorta hori aretoko hormetan, kapituluka antolatutako eguneroko zabalgarri baten gisara: lurra, itsasoa, hodeia, txingorra, mendia eta elurra. Hazten denean, neskatoak ez ditu bere lehen urratsak oroituko, denok ahazten baitugu lehen haurtzaroan gertatutako guztia (baina aldi horretan ikasten dugu ibiltzen, hitz egiten eta inguratzen gaituzten gauzak eta fenomenoak izendatzen).

ZIUDADELA/ Mistoen eraikina, 09/15/ – 10/29 (asteartetik ostiralera, 11:30 – 13:30 eta 18:00 – 20:30; igande eta jai-egunetan, 11:30 – 13:30): IRENE ZOTTOLA, Ikaro. Natasha Christiaren laguntzarekin.

Irene Zottolak Ikaroren erakusketa polifazetikoa aurkezten du, askotariko materialez eginiko irudi eta testu ugari biltzen dituena, horien artean Richard Bachen Juan Salvador Gaviota eleberria, artistak atzitutakoa, J. Hanzaken Hegaztien entziklopedia ilustratu handia, kalean aurkitua; artxiboko irudiak; emultsio likidoa, zianotipiak edo solarizazioa bezalako prozeduren bidez egindako irudi propioak, etab. Greziar mitologiatik, natur zientzietatik, literaturatik, artxiboetatik eta argazkigintzaren historiatik hartutako iturri horien guztien bidez, artistak Ikaroren mitoa berrikusi nahi du, bertan emakumeen papera txertatuz. Zottola tradizioak gizarte patriarkalean duen pisutik abiatzen da, eta besteak beste, hegan egiteko ametsa, arriskua eta arauak urratzea, errorea eta erorketa, eta horien gisako gaiak jorratzen ditu. Ikaro gizonetik Ikaro emakumera arteko bide hori egiteko, bere burua eta bere aita sartzen ditu narrazio bisualean. Era berean, Amelia Earheart erreskatatzen du, Ozeano Atlantikoa bakardadean zeharkatu zuen lehen hegazkinlaria, aurrerago munduari bira emateko ahaleginean bizia galduko zuena.

ZIUDADELA/ Mistoen eraikina, 09/15/ – 10/29 (asteartetik ostiralera, 11:30 – 13:30 eta 18:00 – 20:30; igande eta jai-egunetan, 11:30 – 13:30): AURÉLIEN MAUPLOT, Mundu ikusiezinak-Canto due. Camille Mauploten laguntzarekin.

Aurélien Mauplot-ek historiaurreko kobazulo bateko esperientzia dakar Ziudadelako Labearen aretora, instalazio inguratzaile eta zentzumen anitzeko baten bidez. Ilun antzean dagoen aretoan, linterna magiko baten itxura duen tramankulu batek formak proiektatzen ditu harrizko hormetan -itzal-dantza bat balitz bezala-, euriaren, haizearen edo suaren hotsak entzuten diren bitartean. Gainera, pantaila batzuetan, artistak Pirinio Garaietako Gargas kobazuloan negatiboan hartutako eskuen arrastoekin grabatu zuen performance bat erakusten da. Estimulu horiek gure arbasoen urratsak jarraitzera gonbidatzen gaituzte -haiek izan ziren munduaren neurrigabetasuna eta edertasuna zeharkatzen lehenak- eta duela 30.000 urte lurraren erraietan inskribatuta utzi zituzten zeinuen misterioa azaltzera.