Eraldaketa

Ekar dezagun aletxo bat gogora. Mapamunditarren aurreko edizioan, ikusi genuen mugikorra dela eskuragarrien dugun ispilua, eta gure itxura islatzeaz gain, hura biderkatzeko eta ziberespazioko sareetan barna bidaiatzera bidaltzeko ahalmena ere baduela.

Identitatearen eraikuntza itxura-jolasen tankeratzat hartua izan da beti. Gorputza denboraren joanaren ondorioen eraginpean bada ere, aukera dago, orobat, besteei ematen diegun irudian esku hartzeko. Zentzu horretan, teknologia berriek traje berri baten, pose berri baten pare agertzen dira arranditsu. Eta bidea ematen digute geure existentzia errealitate berrian –birtualean– barna hedatzeko, non denbora-tarte luzeetan murgildu eta proiektatzen dugun zertan ari garen gure egunerokoan, zer pentsatzen dugun eta zein gizarte-zirkulutakoak garen. Duela gutxira arte, gizabanakoen historiak erretratu-bildumetan hedatzen ziren, tximinia gainean, edo lagunekin batera egiten ziren diapositiba-saioetan. Orain hodeira lekualdatu dira. Hartara, oin bat lurrean eta bestea hodeian, gorputzean islatu eta ematen dugun urrats bakoitza besteei begira gertatzen da. Eta animalia sozialak garenez, etxe ondoan eta ez hain ondoan jazotako gertaerek eragiten digute. Pandemian, egiaztatu ahal izan dugu zer denbora gutxi behar zuen planetako txoko guztietara iristeko Txinan agertutako birus batek. Distantziak laburtu diren mundu globalizatu honetan, itsasontzi beraren bidaiariak gara.

Mapamunditarren 2020ko edizioan, gorputzaren eraldaketei erreparatu nahi diegu. Gorputza esperientziaren, maitasunen eta ideien ontzi gisara hartuko dugu, gizaki bat edo beste bat izateko tokitzat. Horretarako, gonbidatu ditugun artistek maskara-dantza bat proposatzen digute, hala jartzeko nola erorarazteko. Haien artelanen bidez, ihesbideak bilatzeko edo utopiak eraikitzeko egiten ditugun saioak azalerazten dituzte, edo, bestela, bizitzeko bestelako moduak aldarrikatzen dituzte, gizarte patriarkalaren arauetatik at. Hartara, Blanca Graciak maskaraz eta mozorroz janzten ditu bideoetako pertsonaiak, arketipoen zeregina bete dezaten. Caroline Delieutrazek, bestalde, maskarak eta iragazkiak sortzen ditu, sarean libreki erabiltzeko, edo, alderantziz, avatarrak dakartza mundu analogikora. Pablo Lermak fototekak berbisitatzen ditu, eta agerian uzten du zer ordezkaritza urri duen queer komunitate maskulinoak argazkigintzaren historian. Helena Goñik, bestalde, azken hamarkadako Bilbon punk azpikulturari lotutako gazteriaren erretratua egiten du. Artearen ahalmen eraldatzaileari ere egiten dio dei Mapamunditarren edizio berri honek. Horrela, bada, Anna Holveck performerra gorputzaz baliatzen da, bereaz edo besteenaz, izakiaren sonoritatea esperimentatzeko. Mireya Martín Larumbe eta Jorge Martínez Uharte,  bestalde, elkarrekin lan egitetik sortzen den harremana erakutsiko dute, zenbait astetan, jendaurreko sortze-prozesua batean.

Laburbilduz, Mapamunditarrek arte garaikidearekin egin behar duten topaketa berri honek partekatze-gune bat eskaintzen du, emozio, ustekabe, umore, edertasun, gogoeta eta kritikarako, gure egunerokotasuna amiñi bat eraldatuz.

Alexandra Baurès, erakusketen komisarioa