Mugimendu batek eragiten duen mugimendua

Kosta egiten da emoziorik gabeko bizitza, apatia luzatua, irudikatzea. Baliteke egoera hori mundutik at gaudenean sentitzea. Baina, egon al daiteke mundutik at? Egon, bada, urruntzeko aukera, isolatzekoa, baina horregatik ez zaio sentitzeari uzten.

Georges Didi-Huberman filosofoak honela definitzen du emozioa: gure barneko nitik jalgiarazi eta kanporantz hedatzen den mugimendua. Bulkada arkaiko eta inkontziente horrek pertsona bakoitza zeharkatzen du eta giza komunitateari lotzen zaio. Hori horrela, maitasuna agertzeko keinua ezaguterraza da gainerako pertsonentzat. Eta keinu gisara, ekintza bat biltzen du, eta ekintza gisara, eraldaketa eragin dezake, hura minimoa izanda ere.

MAPAMUNDITARRAK 2021 mugimenduak “arteko” erdiko eremu hori aztertzea proposatzen du, hor gertatzen baitira emozioak: pertsonen artekoak zein pertsonen eta munduaren artekoak. Behin horretan egonda, haien potentziaz ohartarazten gaitu, bai eta zabaltzen duten energiaz eta haien eginkizun politikoaz ere. Horretarako, artista multzo bat gonbidatu du, pertsona anonimoen keinuak biltzeko, edo keinuak egiteko, sentitu eta pentsatzeko proposamen gisara. Hartara, erakusketak, perfomanceak, proiekzioak edo lantegiak eginez, ibilbide bat osatu dute bertatik behatu eta ekiteko. Hona gidoi posible bat:

Fernando Renes dut izena. Eraikinean sartu eta atzean uzten ditut kaleko soinuak. Fresko dago, baina argia horia da eta soinu egiten du. Zain nago.

Florencia Rojas dut izena. Egunero, ibaira joaten naiz, eguzkiak gutxiago erretzen duenean. Ura berdea da, urdina, arrea. Salto egin dut, hondoari begiratu diot, eta zeruari.

Adriana Tamargo dut izena. Guillermo Escribano dut izena. Onddoak ezagutzen ditut. Kontaktua dut haiekin.

Lee Shulman dut izena. Ertzetik egin dut jauzi, lehen mailatik, harkaitzik altuenetik. Hegan egin eta hondoratu naiz. Oinak goian eta burua behean.

Itsaso Iribarren dut izena. Germán de la Riva dut izena. Kalean nago, paseoan. Zaintza-kameren eta semaforo gorrien aurrean igaro naiz. Bat egin dut jendetzaren urratsekin.

Marianne Mispelaëre dut izena. Bat egin dut besteekin. Eskuak altxatu ditugu. Ixilik.

María Kourkoúta dut izena. Galtzadan, korrikan abiatu naiz. Begira ditut besteak.

Ana Esmith dut izena. Beixez jantzi naiz. Sakelan, mailua daramat, badaezpada. Irten naiz.

Laetitia Carton dut izena. Biraka nabil. Dena biraka. Oinkadak entzun ditut.

Alain Gomis dut izena. Gauero kantatzen dut. Maitasuna eta tristura kantatzen ditut. Egunean zehar, biolin-soinuak aditzen ditut nire buruan.

Víctor Forniés dut izena. Sekretuaz ari naiz.

Iratxe Jaio dut izena. Teilatura igo eta hiritzarraren xuxurlak aditzen ditut.

Alexandra Baurès, Komisarioa