Atalasea
Gauzak egiten murgilduta gaudenean ez gara jabetzen gure gorputza osatzen duten esperientzien lurralde zoragarriaz. Leku intimoa den heinean, gorputzak gure soinaren inguruarekiko ertza zedarritzen du. Ertz hori porotsua da, eta arnasten dugun aireak, jaten ditugun jakiek, eta materiarik ez duten fenomenoek –hitzek, irudiek edo emozioak kasu– zeharkatzen dute. Azalak gailu sentikor handi baten antzera funtzionatzen du, beste izaki eta gauza batzuekiko igurtzia ahalbidetuz. Ikusmenak, entzumenak, usaimenak, dastamenak eta gogamenak osatu egiten dute mekanismo hori, eta bere hautemate-lana egiteko tresna sendoz hornitzen dute gorputza. Hala ere, gizakiaren zeregin orok bezala, hautemate-ariketak denbora eta entrenamendua behar ditu espektro eta intentsitaterik handienera iristeko. Eta horixe da artearen asmoa, trebetasun hori piztea, gure izatearen tekla guztiak sakatuz gure arreta mugiarazteko.
MAPAMUNDITARRAK 2023 ekimenak atalasearen ideia aukeratu du bere proposamenaren ardatz gisa, eta zentzumenen bidez hautemangarriak diren espazioak ezagutzera gonbidatzen gaitu, argiaren, soinuaren eta beroaren eremuan. Muga batzuk komunak dira, hala nola beste espezieetatik bereizten gaituen marra. Norbanakoarenak diren beste atalase batzuk sentitzearekin edo pentsatzearekin dute zerikusia. Eremu mugakideak dira, lur birjinak edo iraganeko bazter ahaztuak, non une batez esploratzaile bihurtzen garen. Gure aurkikuntzek, apaletan apalenak izanik ere, errealitate zabal eta konplexuaren izozmendiaren tontorra ikusarazten digute han.
2023ko edizio honetako egitaraua osatzen duten hamar artistek gertaera txikiak nabarmentzea erabaki dute. Arina edo arrunta dena aukeratuz, gauzen esentziara hurbildu eta gure esperientzian sakondu nahi dute. Hainbat forma artistikoren bidez, eta iraganeko garaietatik gaur egunera arte hari bat luzatuz, beren lana publikoarekin bateratzen dute erakusketaren hiru dimentsioko dispositiboaren, areto iluneko proiekzioaren, lantegi parte-hartzaileen edo topaketaren –hitzaldia, ekintza edo paseoa– formatu hibridoaren bidez. Gorputz osoa hartara jarriz, artearen eremuan, baina bizitzatik oso gertu, trebatuko dute gure pertzepzioaren makineria, eta munduaren ehundurarekin kontaktuan jartzera gonbidatuko gaituzte.
Alexandra Baurès, Komisarioa