Gainazalaren azpian
Ingerada opakodun gorputzek, hala alorrek nola itsasoek, zeharkaezinak dirudite. Nolanahi ere, begi hutsez ezin zeharka daitekeen mugaren, gainazalaren, azpian, bada mundu honen errealitate bat, errealitate ikusezin bat. Errealitate horren materian eta esanahian jarri du arreta, hain zuzen ere, MAPAMUNDITARRAK proiektuaren 2024ko edizioak.
Edizio honetan parte hartzen duten artistek interesa dute ekoizpen eta kontsumo zentro nagusien bazterrean dauden lurraldeetan. Lurralde horiek badute zer kontatu; munduaren konplexutasunaren parte dira, baina ezkutuan daude, edo ahanzturan. Lurraldera gerturatzean, tokiarekin fisikoki kontaktuan egotean, artistek bide berezi bat marrazten dute: hainbat iturritatik eta diziplinatatik edaten duen ibilbide bat, baina poesia eta kritika darabiltzana, modu aktiboan. Horrela, bizipenez bizipen lurraldea arakatzean, egileek helburu honi eusten diote: zantzu nabarmen batzuk bakantzea edo, bestela ere, begiak irekiko dizkiguten forma edo narrazio berriak sortzea.
Zer lurralde dira? Zenbaitetan, oso gertuko tokiak dira, zeinetatik igarotzen garen, gai ez garela haien itxura neutroaz harago joateko eta haien historia osatzen duten geruzak aztertzeko. Beste batzuetan, ordea, urrutiko tokiak dira, esanahi sinboliko handia izateagatik ezagun direnak, baina sekula modu sentikorrago batez ikusi ez ditugunak. MAPAMUNDITARRAK proiektuaren 2024ko edizioan, toki erreal horietako batzuk oinarri dituzten proposamen artistikoak aurkezten ditugu. Guztietan pertsonen kontuak nahasten dira, tirabira etengabean, istorio naturalekin.
Edizio honetako artistek era honetako tokiak hautatu dituzte: urtegien urek azpian hartutako herriak (Anne-Laure Boyer eta Maddi Barber), jendez hustutako tokiak eta erabiltzen ez diren bideak (Olga Olivera-Tabeni), eta memoria historikoko tokiak (Amaia Molinet eta Eriz Moreno). Itziar Okarizek, nolabait ere, ametsak sortzen diren garuneko zokoa bisitatu zuen; Ignacio García Sánchez-ek, berriz, etorkizuneko hondakinak proiektatu zituen, erortzeko zorian dauden eraikinen artxiboetan oinarrituta. Egileek, zein ibiltari, zein orainaren arkeologo, gure arbasoek egindako urratsetan argi egiten dute; baita guk geuk egiten jarraitu behar dugun urratsetan ere.
Alexandra Baurès, komisarioa