Atalasearen ideiari eskainitako edizio honetako zinema-zikloak ikus-entzunezko sorkuntzaren soinu-dimentsioa arakatuko du, partitura musikal edo soinu-ikerketa batetik abiatuta garatu diren hiru film luze baliatuz.
5/10, osteguna,19:30, ITURRAMAKO CIVIVOXA: PHILIPPE BEZIATen Les Indes Galantes dokumentalaren emanaldia. 2021.1 ordu 48’, frantsesezko JB, gaztelaniazko azpitituluekin. Sarrera librea. Babesleak: Institut Français (IF Cinéma)
Dokumental honek Parisko Operan Jean-Philippe Rameauren Les Indes Galantes (Indiar Galaiak) opera barrokoa egokitzeko Clément Cogitore artistaren abentura kolektiboa kontatzen du. Obra 1735. urtean sortu zen, Louis Fuzelierren libreto batean oinarrituta, eta “basati onaren” mitoa jorratzen du. 2019an, Cogitorek hip-hop, krump, break eta voguingeko hogeita hamar dantzari gazte gonbidatu zituen, taldean parte har zezaten, besteari buruzko hausnarketa egungo testuingurura ekarri eta kalea agertokira eramateko erronkari helduz. Bintou Dembéléren laguntza izan zuen koreografiarako eta Leonardo García Alarcónena musika-zuzendaritzarako.
10/19, osteguna, 19:30, ITURRAMAKO CIVIVOXA: XABIER ERKIZIAren O gemer proiekzioa/kontzertua, RAÚL CANTIZANOrekin. 2021, 61 min. Sarrera librea.
O Gemer (Intziria) dokumental esperimental bat da, “euskal idi-gurdi” deiturikoen soinu bitxiaren bidaia geografiko eta historikoari buruzkoa. 50eko hamarkadaren amaierara arte Kantauri isurialde osoan ohikoa zen soinu hori ia desagertu egin da Iberiar Penintsulatik. Urteetako ikerketaren ondoren, Xabier Erkizia soinu artista Brasilgo erdialderaino iritsiko da soinu horren bila egindako bidaian. Gaur egun gurdiak aurrera egitean egiten duen kirrinka berezia aurkitzeak munduak iraganean zuen soinuaren kontzientzia hartzera bultzatzen gaitu, eta gaur egun inguruan ditugun soinuei buruz dugun pertzepzioa pizten du.
O Gemerren proiekzioarekin batera, Raúl Cantinazok musika-emanaldia eginen du, zanfona –gurdien intziriaren antzeko soinua egiten duen Erdi Aroko instrumentu bat– erabiliz.
10/26, osteguna, 19:30, ITURRAMAKO CIVIVOXA: Winterreise filmaren emanaldia eta solasaldia INÉS GARCÍA zuzendariarekin. 2020, 1 ordu 16’.
Hil baino hilabete batzuk lehenago, Franz Schubertek (Viena, 1797-1828) Winterreise (Neguko bidaia) konposatu zuen; Wilhelm Müllerren 24 poemak piano eta ahotserako abesti multzo bihurtuz. Hari argumental zehatzik gabe, abesti hauek ibiltari baten ibilera kontatzen dute, maiteak baztertu egin duela jakin ondoren. Lan musikal horretatik abiatuta, Inés García zinema analogikoaren eta digitalaren arteko ehundura ezberdinetan mugitzen da ibiltariaren noraeza existentzial eta fisikoa irudikatzeko, Europa erdialdeko paisaia elurtuetan zehar.
Filmaren emanaldiaren ondoren, Inés Garcia zinemagilearekin solastatuko gara.