MAPAMUNDITARRAK, zer da?

MAPAMUNDITARRAK proiektu independente bat da, urterokoa, ikusizko arteen arlokoa. LA CARACOLA elkarte kulturalak antolatzen du eta Alexandra Baurès da proiektu horren zuzendari eta komisarioa. 2007an hasi zenetik elkarlanetarako sarea ehundu du Iruñeko eta Iruñea inguruko zenbait espazio kultural eta erakunderekin. Horrela, eragile eta toki batzuen eginahalak eta baliabideak batzeari esker, urtero gauzatzen ahal da proiektua.

MAPAMUNDITARRAK proiektuak bere bizi-zikloa du. Udazkenero edizio berri bat plazaratzen da, pertsonekin kontaktuan jartzen da eta haien baitan bizi da, denbora batez. Gero, MAPAMUNDITARRAK itzaletara joaten da, hausnartzera. Eta, gutxika-gutxika, ideia berrien bila hasten da, programazioaren ardatz izanen den kontzeptu-ildoaren bila. Horrela izaten da urtez urte: edizio berriak aurrekoarekin lotura du, oraina zainduta, betiere.

Zuhaitzen modura, programari adar berriak ateratzen zaizkio, eta enborra gero eta indartsuago bihurtzen da. Artisten formez, ideiez eta keinuez elikatzen da, berritzen den fluxuaren antzera. Baina zuhaitzak tinko dirau, errealitatearekin distantzia kritikoa ezartzen duen behatoki baten modura.