NUP / El Sario eraikina, 09/05 – 10/25 (astelehenetik ostiralera, 09:00-21:00). Hormigoi armatuzko ametsak
Zibilizazioaren eta naturaren arteko indar-jokoa balitz bezala aztertzen du hondakina Ignacio García Sánchezek. Sario eraikineko atalondoko erakusketan aurkezten dituen lanetan, tradizioz monumentuen eraikuntzarekin lotu izan diren teknikak erabili ditu: marrazkia proiekzio arkitektoniko gisa, argazkia erregistro gisa, eta behe-erliebea paretak sinbolo edo inskripzioekin apaintzeko teknika eskultoriko gisa. Hala, hondakina mundu posibleak –iraganekoak edo etorkizunekoak– irudikatzeko modu gisa erabiliz, artistak erdi eraitsitako eta naturak inbaditutako paisaia arkitektonikoak sortzen ditu, atzoko eta gaurko boteredunen amets megalomanoak gorpuzten dituztenak. Anime serie batzuen estetika gogorarazten duten kolore gama eta trazuak erabiliz, haren eraikuntzek zibilizazio ororen izaera ziklikoa nabarmentzen dute, gurea barne.
BATAN, Atarrabia, 09/14 – 10/27 (larunbat, igande eta jaiegunetan,11:00-14:00 eta 17:00-20:00). Atlas ezkutua
Anne-Laure Boyer-ek Atarrabiako Ur-pilategian, XX. mendean zehar Espainian urtegi hidraulikoen eraikuntzaren eragina jasan zuten ehundaka herriri eskaini zien ikerketa-prozesu luze baten emaitza diren lanen multzoa aurkezten du. Mapez, prentsa-ebakinez edo testigantzez osatutako artxibo zabal bat eraikiz, Anne-Laure Boyer-ek urpean etxeak eta lurrak desagertu zitzaizkien herrien memoria kolektiboa berregitea bilatzen du. Gainera, bere filmen, marrazkien eta instalazioen bidez, ahanzturatik eta suntsipenetik salbatu nahi duen istorio komun bat azalarazten saiatzen da artista, lehorte garaian bezala, herri abandonatuen aurriak azalean berragertzen dira.
ZIUDADELA, 6. poterna, 09/12 – 10/27 (asteartetik larunbatera, 11:30-13:30 eta 18:00-20:30; igande eta jaiegunetan 11:30-13:30). Hirugarren harria
Hirugarren harria erakusketak Amaia Molinet eta Eriz Moreno artistak batu ditu, biei interesatzen baitzaie toki jakin batzuetara berriro bisitan joatea; XX. mendean errepresio bortitzaren eta erresistentziaren lekuko izan diren tokietara, hain zuzen. Harriek eta paretek ezkutuan gordetzen duten memoria azaleratzeko asmoz, eta hutsuneetako batzuk nabarmentzeko xedez, hainbat ekintza gauzatu dituzte lekuan bertan: oinez ibili dira, entzuten aritu, hatz-arrastoak erregistratzen, laginak hartzen, argazkiak ateratzen, igurzten, eta lekukotzak biltzen, besteak beste.
Ziudadelako 6. poternan hiru serie aurkeztu dituzte, memoria historikoko toki hauekin lotura dutenak: Berlingo Teufelsberg mendi historikoa, Madrilgo Carabanchel kartzela zaharreko orubea, Iruñeko espetxe probintzial zaharra zegoen tokia eta Ezkabako gotorlekua.
ZIUDADELA, Labea, 09/12 – 10/27 (asteartetik larunbatera, 11:30-13:30 eta 18:00-20:30; igande eta jaiegunetan 11:30-13:30). Sakonak
Sakonuneetako bideak bide azkarretatik aldenduta daude. Animaliek erabili ohi dituzte, eta hor hazten dira txartzat hartzen diren belarrak. Olga Olivera-Tabenik Sakonak izeneko erakusketa aurkeztuko du Ziudadelako Labean. Termino hori hautatu du, hain zuzen ere, hor aurkeztuko dituen lan artistikoek oinarri dituzten hiru lurraldeak izendatzeko. Artista oinez ibili da hiru toki horietan barrena, begiak lurrean josita. Laginak bildu ditu eta hariari tenk egin dio, iraganari eta gauzak egiteko beste modu batzuei buruzko istorioak argitzeko, orainean eta haren zaurietan arakatuta. Toki horiek dira Pairet-eko irin-errota (Santa Creu ibarrean, Costa Brava-n), Hospitalet del Infant-etik gertuko lore-urbanizazioak (Tarragona) eta Torre de l’Espanyol-etik gertuko zelaiak (Ebroko erribera).