Erakusketak

NUP, Tutera, 09/05 – 10/24 (astelehenetik ostiralera: 09:00-21:00): ALAZNE ZUBIZARRETA / Pixka bat honat, pixka bat harat

Alazne Zubizarretak bi teknikatara eramaten du marrazketaren praktika: grabatura eta tatuajera. Prozedura analogiko bat baliatuz, hainbat euskarritara eramaten ditu forma eta ikono digitalak. Grabatuaren kasuan, prozedura zeharkakoa da, tatuajearen kasuan, zuzenekoa. Euskarri bakoitzarekiko elkarrekintza nabarmentzen du artistak, hura papera zein azala izan, ez baita hartzaile hutsa, prozesuko eragile aktiboa baizik. Pixka bat honantz, pixka bat harantz izeneko erakusketan, akuafortez eta urtintaz egindako grabatu kalkografikoak erakusten dira, bai eta tatuajeen erreprodukzioak ere. Biek ala biek, argi-ilunen eta formen mundua partekatzen dute. Binetak arretaz begiratzea gomendatzen da, ikusezinak diruditen ikuspegiak dituzten gaueko espazioak begiradaz zeharkatzeko.

PILATEGIA, Atarrabia, 09/13-10/26 (larunbat, igande eta jaiegunetan: 11:00-14:00 eta 17:00-20:00): OIHANE MCGUINNESS ARMENDÁRIZ / Udako gaurik laburrena

Erakusketa hau esperientzia sentsorial batetik abiatzen da. Leku natural bat ezagutu, behin eta berriz hara itzuli, egunez eta gauez: hau izan da Oihane Mcguinnessek hainbat urtetan zehar esplorazio artistiko bihurtu duen bulkada.

Artistak « arakatu» gisa definitzen du bere praktika, Vinciane Despret filosofoarengandik maileguan hartzen duen hitza. Tokiarekin erlazionatze horretan, ikusteko eta ikusiak izateko funtsezko elementu batzuk erabiltzen ditu – argi artifiziala edo material islatzaileak –, eta lekua uzten die alteritateari, beste izaki batzuei. Irudi- eta soinu-erregistroak ere egiten ditu, miaketa sakon hori jasoko duten fitxategiak sortzeko. Ondoren, miaketa hori aztertu, seinaleak bilatu eta piezak sortzean lehengoratzen ditu.

ZIUDADELA/ Mistoen eraikina, Iruña, 09/26-11/16 (asteartetik larunbatera: 11:30-13:30 eta 18:00-20:30; igande eta jaiegunetan: 11:30-13:30): XABIER ERKIZIA/ Non dire (niente)

Soinu-pieza honek gaueko irrati-grabazioetatik abiatuta egindako hogei konposizio biltzen ditu. Elkarreraginean aritzera gonbidatzen du bisitaria, irrati-entzuleei ezaguna eginen zaien keinu baten bidez: irrati zahar bateko diala mugitzea. Lan horretan, Xabier Erkizia Armand Robin (1912-1961) intelektual frantses eleaniztunaren metodologian oinarritzen da. Bigarren Mundu Gerran, Armandek gauero atzerriko irratiak entzuten zituen inteligentzia-zerbitzuei laguntzeko. Gerraren ostean, lan horri eutsi zion, bere kabuz, oharrak hartzen eta irratiari buruzko saiakera laburrak idazten.

ZIUDADELA/ Mistoen eraikina, Iruña, 09/26-11/16 (asteartetik larunbatera: 11:30-13:30 eta 18:00-20:30; igande eta jaiegunetan: 11:30-13:30): REGINA GIMENEZ/ Distiratsuak eta zurbilak, erraldoiak eta nanoak

Regina Gimenezen sei lanak eraikinaren bi solairuen hormetan kokatuta daude eta motibo bera partekatzen dute: zirkulua edo zirkuluerdia, gure imajinarioan eguzkiak eta planetak irudikatzen dituen forma geometrikoa. Artistak geografia- eta kosmologia-liburuetatik ateratako sinbolo hori bere egin eta artearen historiarekin elkarrizketan jartzen ditu konposizio grafiko berriak sortzeko. Hainbat teknika erabiliz –akrilikoa oihal gainean, marrazkia kalko-paper gainean, litografia edo marrazki-txantiloiak birziklatuz–, artistak kosmosa eta haren misterioa irudikatzearen keinua behin eta berriz errepikatzen du, une batean zeinetan oso gutxitan uzten diogun pantailak begiratzeari izarrak behatzeko.

ZIUDADELA/ Mistoen eraikina, Iruña, 09/26-11/16 (asteartetik larunbatera: 11:30-13:30 eta 18:00-20:30; igande eta jaiegunetan: 11:30-13:30): LEIRE LACUNZA MIRANDA/ Maitasuna Garra Maitatu Armatu

Leire Lacunza Mirandak erakusketa-aretora eramaten ditu Ziudadelako barrutiko hormetan aurkitutako maitasun-mezuak. Grafiti horiek –jendaurrean paratutako adierazpen intimoak– antzinako gotorleku militarrean gertatzen diren elkartzeen arrastoak dira. Ezagutzera ematen dute espazio publikoak, bere zokoetan eta ordu jakin batzuetan –behin ilundu eta gero–, askatasun-leku bat eskaintzen duela maitasuna azaleratu dadin. Artistak garrantzia ematen dio testu-praktika iragankor eta enkriptatu horri, gorputza eta kolorea emanez, eta hiriaren maitasun-poema bat idatziz, zatien eta testuren batura horri esker.

ZIUDADELA/ Mistoen eraikina, Iruña, 09/26-11/16 (asteartetik larunbatera: 11:30-13:30 eta 18:00-20:30; igande eta jaiegunetan: 11:30-13:30): ROSA THARRATS/ Gau zuriak

Rosa Tharratsen hiru eskultura zintzilikariak  ilunantzetik azaleratzen dira, pabiloiko argi elektrikoa xurgatzen duen presentzia organiko baten bidez. Grabitatearen ondorioz, lurreraino hedatu eta arinki kulunkatzen dira. Izaki hibrido eta, aldi berean, aterpe gisa, galdegin eta bildu egiten gaituzte. Eskulturak osatzen dituzten ehunak Rosa Tharrats osatzen ari den artxibokoak dira, egilea adi baitago beti oihal bakoitzaren historia eta materia bakoitzaren esanahia ezagutzeko. Artistaren instalazioetan, horiek lotu eta eraldatzen ditu. Hori horrela, Aura obra oihal gatzeztatuaz egina dago. Forma ematen dien kobrea elementu eroale gisa erabiltzen du, baita indartzaile gisa ere.

ZIUDADELA/ 6. kaserna, Iruña, 09/26-11/16 (asteartetik larunbatera: 11:30-13:30 eta 18:00-20:30; igande eta jaiegunetan: 11:30-13:30): LOIS PATIÑO/ Izar-ereilea

Tokio gauez bere dir-dir egiten duten argiekin; horixe da Lois Patiñok Izar-ereilea lanaren abiapuntuko irudi gisa aukeratzen duen agertokia. Etengabeko mugimendua erakusten duen megalopoli japoniarraren oihal ilun horretan, filmak gorputzik gabeko ahotsen arteko elkarrizketa bat azaleratzen du. Ahots horiek koan –zen budismoaren irakaspen mistikoak– delakoetan inspiratzen dira, eta erreala, espektrala eta onirikoa den horren artean kokatzen den hiri-linbo batean daude. Irudia eta kontakizuna gainjarrita, egileak kontenplazioa eta narrazioa elkar osa daitezen lortzen du.